Ikastetxearen sorkuntza oso-osoan Azkue Jaunarena izan zen. Euskaldun sutsua. Bilboko Lorategia kaleko 10ean Euskarazko lehen hezkuntzako ikastola bat kokatu zuen. Bertako ikasleak bere gustukoak ez zirenez, antza denez Arbelbide kalonjearen bidez Abel Anaiarengana (Kongregazioko nagusiarengana) jo zuen. Azkuek dio irakasle lanetarako Nagusiak Lapurdiko Anaia bi, eta eskolako zuzendari ofiziala izateko euskalduna ez zen frantses bat bidaliko zizkiola agindu omen zizkion. Azkenean ez zen gauzatu eskaintza hura. Ez da agertzen zein izan zen elkarrizketa hau izan zen urtea; edonola ere 1903a baino lehenago izan zela uste dugu.
Berrio-Otxoa izena hartu zuen ikastetxea sortzerakoan Azkuek berak proposaturiko Anaia biek ez zekiten euskaraz. Apaizaren asmoa ikastetxe berrian euskara irakastea zen. Alberto Oxibar frantses euskalduna hasi zen lan horretan.
Azkuek Santutxuko auzoan Expósitos kalean (geroago 4 de Enero kalea izan zen, eta gaur egun Sorkunde kalea da) zegoen etxe bat alokatu zuen. Bastidako Andresa anderea, Manuel Arratiaren alarguna, zen jabea.
Andresa Andereak gela bi eta 8 x 5 metroko jolastokiaren errenta jasotzen zuen; azken hau txikiegia zenez, mutilak garai hartako trafikorik gabeko kaleetan jolasten ziren. Grebek eraikuntza atzeratu zutenez, jabe andereak, egoera honek ziharduen artean, gelak aldi baterako, bere etxeko beheko solairuan zituen oilotoki eta egurtegian ezartzea onartu zuen.
Hormak arin batean karez zuritu, oiloengandik aldentzeko eta alanbrada mehe bateri esker 1903ko urriaren 15ean hasi ziren eskolak ematen.
Egun hartako lehen ikasleak Andresa anderearen seme-alabak izan ziren, 5 eta 7 urteko haurrak; hilaren 25ean 6 izatera heldu ziren, eta abenduan, dagoeneko 16; ikasturtea uztailean amaitu zenean, ostera, 59 ikasle ziren. Berrio-Otxoa ikastetxeari Azkuek ezarri zion izen hori, 1906an Dohatsu izendatua izango zenaren eta gaur egun Santua dugun Balendin Berrio-Otxoaren omenez.
1910 urtean, Reinosan lehen zuzendaria izandako Francisco José Lapeyre Anaiak hartu zuen Octavio Anaiaren ordez zuzendaritza. Urte hartako kronistak honako hau idatzi zuen: “Gela biri argitasuna eta hiruri airea emateko balio duen jolaslekuan paretan zehar, oholez eta arbelez estalita hainbat kaiola ageri dira; Gabonetan familiek Anaiei oparitzen dizkieten hegaztiak bertan edukitzeko." Honek jakitera ematen digu, batetik, ikastetxeak zuen estimua, eta, bestetik, Anaien egoera ekonomiko larria.
Anaiek 1923rarte 3.120 pezeta ordaintzen zuten beheko solairuko eta lehenengo pisuko errentagatik; handik aurrera, bigarren pisuan bizi zen errentariak etxebizitza uztean, nahiz eta errenta 4.320 pezetatara igo, lekua irabazi zuen Komunitateko etxebizitzak.
Horrela, 1927ko uztailaren 14an sinatu zen eskuraketa kontratua; etxaldearen eta eta salerosketaren gastuak batuta 103.000 pezeta izan ziren. Bakezko eta askatasun osozko aro berri bati eman zitzaion hasiera, 1931-1936. urteetan bizitako urduritasun politiko eta sozialak barne.
1936. urtea baino lehenagotik, ikastetxeko beste ikasleek bezala, goi mailakoek lehen hezkuntzako programa jarraitzen zuten; batetik, urte batzutan, eurak deitzen zuten “merkataritza askea”: mekanografia, kontabilitatea, matematikak irakatsiz, ikasle talde bat prestatu zuten Merkataritza Eskolako azterketetarako. Bestetik, ikastetxean oinarrizko batxilerra irakastea onartu zenean beharrezkoa izan zen zenbait gela egiteko lonja bat Resureccion Mª de Azkue kalean alokatzea.
1970. urtean, Marcelino Menéndez eta Pelayo kaleko 25. zenbakian pabilioi berria ireki zenean, azken ordua heldu zitzaion 67 urtetan hainbat ikasle eta irakasleri aterpea eman zien 1903ko Berrio-Otxoa ikastetxeari. Azkenik, 1973.an, saldu egin ziren lokalak etxe multzo bat eraikitzeko.
1970.an hasi ziren, antzinako burdin meatze batean, Berrio-Otxoa ikastetxe berriko klaseak Eskolaurre, batxilergoa eta UBI ikasmailatan, guztira, 63 gela eta 69 irakasle (euren artean 14 Anaia) zituela. Gaur egun, 1903tik pila bat urte igaro ondoren, guztiz ezberdina da egoera…